Nola gorde gazta
Erronkari gazta bere ezaugarri bikainak galdu edo moteldu gabe gordetzeko, gomendio hauetako bati jarraitzea da onena:
Plastikozko poltsan gorde
Komeni da poltsa arrunta erabiltzea eta ez paper plastifikatu gardena, denbora aurrera gaztaren hezetasuna azalera pasatzen hasten delako, kanporatu nahian. Azala plastiko batez estu-estu estaltzen badugu, hezetasun horri ez diogu kanporatzen utziko eta gazta osoa beratu eginen da. Plastikozko poltsak, aldiz, gaztari izerditzen uzten dio.
Ondoren sartu hozkailuan, tenperatura altueneko aldean (berdurak gordetzen diren aldean). Gazta ez da produktu hila eta haren barnean aurrera egiten dute ontze prozesu naturalek. Denbora luzean giro tenperaturan edukitzen bada, gehiago onduko da. Hozkailuak ontze natural hori galgatzen du eta gaztak zapore sendoegia har dezan eragozten du.
Kontuan izan behar da denbora igaro ahala poltsaren barnealdea urdinez estaliko dela. Poltsa maiz aldatzea komeni da, gazta zatiaren azalik gabeko aldea ukitzen badu alde hori urdindu egin daitekeelako.
Ontzi hermetikoan sartu
Gazta kontsumitzen hasi bagara, geratzen den zatia plastikozko ontzi hermetiko batean sartu, ogi zati siku batekin, eta hozkailuan gordetzen da. Hartara ogiak hezetasuna xurgatuko du eta gazta babestuko du, ez dadin urdindu ez gehiegi sikatu. Ogia urdinez estalita dagoela ikusten denean aldatu egin behar da.
Gazta dastatu baino ordubete lehenago gutxienez, kontsumituko den zatia ebaki eta gainerakoa berriz sartuko da hozkailuan, gehiegizko hartzidura eragiten duten tenperatura aldaketak saihesteko. Ordubete horretan gaztak giro tenperaturan egon behar du epeltzen, hozkailuan zuen hoztasunak zapore asko kentzen diolako.


Jatorrizko deiturak 




















