Reyno Gourmetek joan den astelehenetik eta azaroaren 30era arte, Tokiko Produktuaren Pintura Lehiaketaren 5. edizioko irabazle eta finalisten lanekin osatutako erakusketa aurkezten du, Tokiko Produktuen 10. Astearen baitan. Horrela, azaro osoan zehar, aukeratutako 26 lanak ikusgai egongo dira Iruñeko Kasino Nagusian (Gazteluko Plaza, 44. bis) astelehenetik igandera, 11:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 21:00etara.
Lehiaketak, urtero Nafarroan bizi diren 6 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteei tokiko produktuen aberastasuna eta aniztasuna artearen bidez islatzera gonbidatzen dienak, hamar margolaritza akademietatik bidalitako 201 lan jaso ditu edizio berri honetan.
Lan guztietatik, Pedro Salaberri margolaria eta epaimahaiko presidenteak; Concha M. Pasamar ilustratzaileak; Isabel Pueyo CPAEN-NNPEKeko Sustapen arloko kideak (Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua); eta Miriam Pascal INTIA-Reyno Gourmeteko Balio Kateko kideak osatutako epaimahaiak erakusketan ikusgai egongo diren 26 lanak aukeratu dituzte (6 Nagusien kategorian, 13 eta 18 urte bitartekoak, eta 20 Txikien kategorian, 6 eta 12 urte bitartekoak). Horien artean, Kikuyu Akademiako ikasle eta 9 urteko Julia Lara Esandiren (Txikien kategorian); eta 13 urteko eta El Cuervo Blanco Akademiako Alaia Morala Turumbayren (Nagusien kategorian) lan irabazleak erakutsiko dira.
Horrela, bosgarren urtez jarraian Tokiko Produktuaren Pintura Lehiaketak aukera berria eskaintzen dio publikoari Nafarroako tokiko produktu enblematikoen inguruan belaunaldi berrien talentua eta sormena ezagutzeko, hala nola gazta, ardoa, patxarana, olioa, orburuak, zainzuriak, piperrak, aratxea edo arkumearen inguruan.