Nafarroako Ardoak JD

Nafarroako ardoak aukera eta gustu guztietarako dira. Sentsazio berriak esperimentatu edo une atseginak gogoratu nahi dituen kontsumitzaile bati egokituak. Ardoaren unibertso bat, non bakoitzak bere ardoa eta bere estiloa aurki dezakeen.

Barietate zabal horri esker, estilo guztietako ardoak egin daitezke, kontsumitzaileen gustuetara egokituta: arrosak, zuri gazteak eta zurezkoak, beltz gazteak eta zurezkoak eta gozoak.

Babespeko eremua

Nafarroako Jatorri Deiturak aniztasun handia barne hartzen du eta hori, ezaugarri esanguratsuenetako bat da, paisaia eta klima desberdinak dituztelako: atlantikoa, kontinentala eta mediterraneoa. Kantauri itsasoaren hurbiltasunak, Pirinioen eraginak eta Ebroko haranaren oparotasunak askotariko klimatologia ahalbidetzen dute.

Inguruabar horiek guztiek markatzen dute Nafarroako paisaia, eta hemen bertan, Jatorrizko Deituraren 10.200 hektarea baino gehiago ekosistema eta laborantza-egoera mota guztietan lekukotzen dira, mendi-mazelak, ibaiertzak, goi-ordokiak eta lautadetan. “Nafarroa” Jatorrizko Deituraren babespean mahastizaintzako eta ardogintzako bost azpieremu daude; Behe Mendia, Izarbeibar, Estellerria, Erriberagoiena eta Erriberabarrena.

Izarbeibar: Nafarroako Donejakue Bidearen erdigunea da, eta bere kokapen geografikoagatik, iparraldeko Nafarroa hezearen eta hegoaldeko Nafarroa erdi aridoaren arteko trantsizioko zona klimatikoa da. Horrenbestez, bertako mahastiek emaitza bikainak ematen dituzte.

Estellerria: Nafarroaren erdialdeko mendebaldean dago, Donejakue Bidearen alboetan, Izarbeibartik mendebaldera, Ega ibaiaren erdiko arroan.

Erriberagoiena: Nafarroa erdiko zerrendan dago eta Erriberri du mahastizaintzako eta ardogintzako hiriburu. Ebro ibaiaren ezkerraldean dago, Arga, Ega eta Aragoi ibaien behe arroetan.

Behe Mendia: Deituraren eremuaren ipar-ekialdean dago, Aragoi ibaiaren erdiko arroan. Zona klimatiko subhezea da.

Erriberabarrena: Nafarroako hegoaldean dago eta mahasti eta upategi gehien dituen azpieremua da. Ebro ibaiaren eskuinaldean dago.

Ezaugarriak

 

Azken bi hamarkadetan Nafarroako ardoak erabat eraldatu duen bilakaera hasi zuen. Lehenik eta behin, laurogeiko hamarkadan kanpoko barietateak sartu ziren, hala nola Chardonnay zuria, eta cabernet sauvignon eta merlot beltza; horiek, bertako mahats tradizionalarekin elkarbizitzen hasi ziren, viura, tempranillo eta garnatxa (mahats-barietate nagusia eta zonaldeko protagonista). Eskualdera oso ondo egokitutako barietateak dira, eta betiko mahats tradizionalen potentzial bizia baztertu gabe, adierazpen berri baten bila joan direnak.

 

Gero, laurogeita hamarreko hamarkadan, ardogile geldiezin ugari agertu ziren, egoera iraultzeko prest zeudenak, eta, eskakizunetik, esperimentaziotik eta helburutzat kalitatea izanda, ardogintzari beste bulta bat eman zioten. Fenomeno horrek ez du etenik, eta, gaur egun, lursailean eta originaltasunean oinarritutako proiektuak dituzten upategi berriak lanean ari dira.

 

Barietateak

Mahastiaren % 70 baino gehiago bertako barietateek hartzen dute, hala nola garnatxak, tempranillokoa, ale txikiko moskatelak, viurak. Gainerako % 30a, berriz, nazioarteko barietate ospetsuenek osatzen dute: cabernet sauvignon, chardonnay.

 

Guztira, Nafarroan ekoitzitako mahatsen % 90 beltzak dira eta % 10 baino ez dira zuriak. Hauek dira babestutako barietateak:

Beltzak: Tempranillo, Garnatxa, Cabernet Sauvignon, Merlot, Mazuelo, Graciano, Syrah eta Pinot Noir.

Zuriak: Viura, Chardonnay, ale xeheko Moskatela, Malvasía, Garnatxa Zuria eta Sauvingnon Blanc.

 

Historia

Duela gutxi, Nafarroan, ikertzaile talde batek “vitis silvestris” jatorrizko landare primitiboa identifikatu zituen. Munduko leku gutxitan erregistratu da landare-material hori, eta bost milioi urteko antzinatasuna izan dezake.

Nafarroan mahatsondoa lantzeari eta ardoa egiteari buruzko lehen lekukotza dokumentatuak erromatarren garaikoak dira. Antzinako upeltegi erromatarren hondarrek, hilobi-monumentuek eta anforek mahatsondoaren laborantzak garai hartan zuen garrantzi sozial eta ekonomikoa berresten dute. Arabiarren menpe mahatsondoaren garrantzia mantendu zen, eta, pixkanaka, laborantzaren mugak zabaldu egin ziren.

Harremanetarako

Nafarroako ArdoakJD

Erdi Aroan, lehen monasterioen sorrerarekin, IX. eta X. mendeetan, eta Donejakue bidearen hasierarekin, mahastien aurrerabiderako bi gertaera izan ziren: erromesen eskuetatik ardo-barietate berriak iritsi ziren Nafarroara, eta, eta ardoa egiteko tekniken berrikuntza monakoen klaustroetan izan zuen hedapen-gune garrantzitsuena.

Era garaikidean, XIX. mendean zehazki, Nafarroako mahastizaintzaren gorakada gertatu zen eta, aldi berean, katastrofikoena. Frantzian,1856tik aurrera, filoxera agertu zen, eta, horren ondorioz, herrialdeko mahastiak suntsitu ziren, eta orduan, Nafarroan, ardogintzan benetako eztanda gertatu zen eta ardoen esportazioa egin zen Frantziara.

Baina handik urte gutxira, filoxera Nafarroara ere iritsi zen eta mahastia suntsitu zuen. Nafarroan laborantzan zeuden 50.000 hektareetatik 48.500 suntsituta geratu ziren.

Hondamendi horren ondoren, Espainiako mahasti guztia berreraikitzeko ekimena sortu zen. Foru Aldundiak bultzatuta, filoxera jasaten duten landare berrien haztegiak jarri ziren martxan, Nafarroako eta Espainia osoko mahastizainak mahats-barietate berriak eskatzen zituzten guztiak hornitzeko, bai zutoinekoa, bai eta ardo-barietate berrietakoak.

Gaur egun, Nafarroan 10.500 hektarea daude mahastizaintza eta ardogintzako,  bost eremuetan banatuta.

Egiaztapena

INTIA, Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutua, S.A.k ikuskatzen ditu laborantza-, elaborazio-, ontziratze- eta etiketatze-prozesu guztiak. Hau da BJDaren kontrol-erakundea, hartutako produktuak bere Baldintza-Agirian eskatzen diren baldintzak betetzen dituela bermatzeaz arduratzen dena. INTIA ENACek (Egiaztatze Erakunde Nazionala) akreditatuta dago, UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 Europako Arauaren arabera. Ezarritako ziurtapen-sistema honetan oinarritzen da:
Lursailen kontrola
Upeltegietako kontrola
Amaitutako produktuaren kalitate-kontrola

Nafarroako Ardoak JD

Nafarroako Jatorri Deiturak merkaturatzen ditu ardo berria, ardoa haritzezko ontzian, ardo onduak, erreserbakoa, erreserba handikoa eta gozoa naturala; eta hauek dira baimendutako barietateak: Garnatxa, Cabernet Sauvignon, Merlot, Graciano, Tempranillo, Syrah eta Pinot Noir ardo beltzentzat; Chardonnay, Malvasía, Garnatxa Zuria, Viura, Sauvignon Blanc eta ale xeheko Moskatela ardo zurientzat.

INFORMAZIO GEHIAGO HEMEN: https://www.navarrawine.com/