Nafarroako VII. Azoka Ekologikoa Noaingo Zentzumenen Parkean egingo da irailaren 16tik 18ra

Azoka “zero zabor” izango da, eta nekazaritza eta ekologiaren trantsizioari buruzko informazioa eta hausnarketa eskainiko ditu egun horietan.

Nafarroako VII. Azoka Ekologikoa, CPAEN/NNPEKek antolatua, Noaingo Zentzumenen Parkean egingo da berriro. Leku ezin hobea da, 25.000 m2-ko natura, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaz gozatzeko, gune eko-gastronomikoaz, arraza autoktonoen abeltzaintza-erakusketaz, emanaldiez, tailerrez, zozketez eta haurrentzako guneaz, 30 stand baino gehiago dituen merkatuaz gain.

Elikagai ekologikoen merkatu handiena Noaingo Zentzumenen Parkera itzuli da. Hogeita hamahiru erakustoki bilduko ditu, eta Nafarroan ekologiaren arloan ziurtatutako 2.500 elikagaietatik batzuk hurbilduko dituzte. Hitzordu honetan,  hainbat jarduera mota daude, hala nola ondo pasatzea, nekazaritza ekologikoari buruz ikastea edo elikadura-sistemei buruz hausnartzea.

Nafarroako VII. Azoka Ekologikoan, Nafarroako ekoizleak eta enpresak biltzen dira gehienbat, baina beste autonomia-erkidegoetako eta Frantziako enpresak ere bertan izango dira; ardo, gazta, garagardo, barazki, olio, ezti, arrautza, haragi, kontserba, ogi, pasta, esne edo gozagarri ekologiko nafarrei beste produktu batzuk gehituta, hala nola frutak, laranja-zukuak, txahal- eta txerri-kontserbak, haziak edo kosmetikoak.

Azokaz gain (Zentzumenen parkearen erdian kokatuko da), ekimenak izango ditu haurrentzako gune bat, gune gastronomiko bat eta hitzaldi eta tailerretarako hainbat gune, topaketaren hausnarketa egiteko.

Izan ere, Nafarroako VII. Azoka Ekologikoa trantsizio agroekologikoari buruzkoa da. Egungo nekazaritzako elikagaien sistemaren gainean jarduteko premiaren aurrean, elikagai justuak, iraunkorrak eta osasungarriak ekoizteko eta eskuratzeko aukera bideratu dadin.

Hala adierazi du Mirian Otxotorena CPAEN/NNPEKeko lehendakariak: «Oraina une erabakigarria da; eta, horregatik, mahai inguru bat programatu da, bertan, lurraldeko hainbat esperientzia parte hartuko dute, eta mahai gainean azalduko da zer urrats egiten ari diren eta nora jo etorkizunean». Nafarroako nekazaritza lurraren azaleraren % 7a ekologikoan ziurtatuta dago, Europako Batzordearen ‘Etxaldetik Mahaira’ estrategiaren arabera; eta kopuru hori, % 25era iritsi behar da 2030ean: 8 urte baino ez dira geratzen. Nafarroa aurrera doa, baina egin beharreko bidea luzea da oraindik, eta hori egiteko denbora laburra da.

Mahai-ingurua larunbat goizean izango da, 11:00etatik 13:00etara, eta CPAEN/NNPEKeko lehendakari Mirian Otxotorena izango da moderatzailea. Parte hartzaileak hauek izango dira: Ester Montero, Arrea elkarte agroekologikokoa; Arrate Corres, Subbetika Ekologikokoa; Thomas Erguy, Biharko Lurraren Elkarteko koordinatzailea eta Hazialdeko, Nafarroako laborantza estentsiboen elkarteko ordezkari bat.

Bestalde, Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko sailburuak azokara joateko deia egin du, eta sailak ekoizpen ekologikoa bultzatzeko duen apustua adierazi du: “Aurreratu nahi dizuet Nekazaritzako Elikagaien Merkaturatzeari buruzko Kanal Laburrei buruzko Foru Legeak badituela aginduzko txosten guztiak, gobernu bilkura egin eta onar daitezen. Elikagaiak zuzenean nekazaritza-ustiategien titularren eta azken kontsumitzaileen artean merkaturatzea arautu eta sustatuko du. Lege honen bidez, tamaina txikiko nekazaritza-ustiategiak babestuko ditugu, eta haien bideragarritasuna hobetuko dugu, lehiakorragoak izan daitezen”.

 

Egitaraua
Irailaren 15eko, osteguna, mahai-inguruaz gain, “Zure platerrean hasten da mundua/El mundo comienza en tu plato” dokumentala proiektatuko da Nafarroako Filmotekan. Emanaldia eta ondoren, dokumentalaren zuzendariarekin solasaldia egingo da.

Gune gastronomikoa Geltokik kudeatzen du eta bertan dastaketak egingo dira, elikagaiak eta edari ekologikoak eskaintzeaz gain.

Haurrentzako gunean tailerrak, ipuin kontaketak, jolasak, puzgarria eta zaldiko-maldiko ekologikoa izango dira.

Jardueren artean daude, halaber, abeltzaintza ekologikoaren erakusketa eta hitzorduari giro ona emateko musika-emanaldiak.

 

Zero zabor
Nabarmentzekoa da azoka “zero zabor” ekitaldia izango dela, sortutako hondakinak minimizatu, berrerabili eta birziklatzea bermatzeko moduan diseinatu, antolatu eta garatua. Ekitaldi honetan, ahalik eta hondakin gutxienak sortzen dira, eta, gainera, neurriak hartzen dira elikagaiak alferrik ez galtzeko. Horren adibide bat da esparru osoan ez dela botilako urik egongo, eta pertsona guztientzako doako ur-taberna bat egongo dela.

 

Nafarroako ekoizpen ekologikoa ezagutzeko ezinbesteko ekimena

Azoka ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko topaketa izango da. Baina azokara joaten direnek, erosi, dastatu edo jarduerak gozatzeaz gain, hedatze-prozesuan dagoen sektore bat ezagutzeko aukera izango dute. Egun, sektoreak Nafarroan 800 ekoizle baino gehiago eta 2.500 elikagai ziurtatu baino gehiago ditu. Gauza bera gertatzen da kontsumoarekin, gero eta pertsona gehiagok eskatzen baitituzte elikagai osasungarriak, kimikarik gabeak eta modu jasangarrian ekoitziak.

 

NAFARROAKO VII. AZOKA EKOLOGIKOA – Noaingo Zentzumenen Parkean

EGITARAUA

ORDUTEGIA

  • Irailaren 16an, ostirala, 17:00etatik 20:00etara
  • Irailaren 17an, larunbata, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara (gune gastronomikoa 11:00etatik 21:00etara)
  • Irailaren 18an, igandea, 11:00etatik 14:30era

 

ERAKUSKETARIAK

  1. Afortunato: Kafeak. Iruña (Nafarroa)
  2. Axuribeltz: Gazta. Iturgoien (Nafarroa)
  3. Biosasun – Oleohealth: Olioa eta Ur Kefir-a. Deikaztelu (Nafarroa)
  4. Bodega Mendiko: Ardoa eta ozpina. Oibar (Nafarroa)
  5. Casa Paulina: Marmeladak. Artatza (Nafarroa)
  6. Domiña: Behiaren haragia eta hestebetea. Goizueta (Nafarroa)
  7. Ecológicos Aranda: Olioa eta almendrak. Faltzes (Nafarroa)
  8. Ekollaondo: Gazta eta arrautzak. Goldaratz (Nafarroa)
  9. Elkea Productos Ecológicos: Olioa eta garagardoak. Bakedano (Nafarroa)
  10. Erlandere: Eztia eta propolia. Arbeitza (Nafarroa)
  11. Gil Pagola: Olio ekologikoa. Eultz (Nafarroa)
  12. Guneko: Arrautzak. Tafalla (Nafarroa)
  13. La Corraliza De Don Pablo: Olioa. Azkoien (Nafarroa)
  14. Larrezabal Eco: Gazta. Altsasu (Nafarroa)
  15. Pasta Martinelli: Pasta. Beriain (Nafarroa)
  16. Pittika: Gazta. Erratzu (Nafarroa)
  17. Lakabe: Ogia eta pastak. Lakabe (Nafarroa)
  18. Navarrsotillo Biodinamic & Organic Wines: Ardoa. Andosilla (Nafarroa)
  19. Javier Anocibar. Patata, lekaleak eta barazkiak. Amunarritz (Nafarroa)
  20. Teknableu: Ura arazteko ekipoak. Bera Bidasoa (Nafarroa)
  21. Reas Nafarroa: Ekonomia solidarioko informazioa eta materiala. Berriozar (Nafarroa)
  22. Cosmética Fresca: Kosmetika freskoa/Osagarri beganoak. Iruña (Nafarroa)
  23. Biointegra-Aspace: Esnea, gazta eta jogurta. Noain (Nafarroa)
  24. Ecoprolive: OOBE, ongailuak eta zuntz prebiotikoa. Gares (Nafarroa)
  25. Sesma Brewing Co: Garagardoak. Sesma (Nafarroa)
  26. Gobeies. Ahabiak eta kontserbak. Iruña (Nafarroa)
  27. Aloe Vida: Kosmetika. Malaga (Andaluzia)
  28. Ecoriginal Organic: EKOhaziak. Bartzelona (Katalunia)
  29. Igone Natural: Kosmetika, xaboiak, intsentsuak eta sahuerioa. Onil (Alacant)
  30. La Ferme du Brukiza: Txahal-kontserbak eta txerri-produktuak latan. Bergouey Viellenave (Frantzia)
  31. Nutxes: Pastelak. Jijona (Alacant)
  32. Sovoral: Eztiaren eratorriak. Ourense (Galizia)
  33. Horta De Ximo:   Laranja-zukua eta fruta. Mareny De Vilxes (Valentzia)
Partekatu
Facebook
Twitter
LinkedIn
Email
WhatsApp