Great Taste Awards nazioarteko lehiaketan saritu dute Etxelekua gaztandegia, Idiazabal Gazta Jatorri Deiturakoa eta Reyno Gourmet zigiluarekin

Bengoetxea gaztak bi izar izango ditu berriz ere. Idiazabal Gazta Jatorri Deitura Babestutako eta INTIAko bazkidea saritua izan da elikaduraren Oskar sarien pareko hartzen den lehiaketa honetan.

Urdazubiko Etxelekua gaztandegiak, INTIAko bazkidea eta Idiazabal Gazta Jatorri Deitura BabestuaArtzai Gazta zigiluen babespekoa denak, bi izar lortu ditu bere gaztetako batengatik Great Taste nazioarteko lehiaketan. Saritutako produktua Bengoetxea da, latxa ardiaren esne gordinez egindako gazta ondua, Reyno Gourmet zigilukoa, eta epaimahaiak bi izarrekin baloratu du, gehienez ere hiru izarren artean.

Ez da lehenengo aldia Bengoetxea Lastiri anaiek kudeatzen duten gaztandegia nazioarteko lehiaketa batean epaimahai batek aintzatesten duela. 2019an, Bengoetxea gaztak ere bi izar jaso zituen Great Tastean. Horrez gain, duela zortzi urte World Cheese Awards ospetsuan saritu zuten, eta tokiko lehiaketetan lortutako beste sari asko ere jaso dituzte.

Great Taste Awards nazioarteko lehiaketak hemezortzigarren edizioa izan du, eta, oro har, elikaduraren sektoreko Oskar saritzat hartzen da. Elikagaiak eta edariak (ardoak izan ezik) egiaztatzeko sistema handiena eta ospetsuena da, eta jatorrian, beren produktuak Erresuma Batuko saltoki independenteetan banatu nahi dituzten artisauei laguntzeko sortu zen.

Antolakuntzatik adierazi dutenez, Great Taste Awardsek aparteko ebaluazio-sistema eta erreferentzia-esparrua eskaintzen ditu, eta, gainera, enpresa txikien konfiantza eta merkataritza-arrakasta sustatzen duen akreditazio independente bat ematen du.

Lehiaketara aurkeztutako produktuak apiriletik ekainera bitartean ebaluatu dira Londres eta Dorset hirietan, eta abuztuaren 1ean saridunak ezagutzera eman ziren.

Lehiaketa hau 1994. urtean jaio zen, eta izar batekin, birekin edo hirurekin kalifikatzen ditu produktuak; gero, puntuazio gorena lortzen duten produktuak beste lehiaketa batzuetan lehiatzen dira, hala nola Golden Fork Award eta Supreme Champion lehiaketetan.

Lehiaketaren edizio honetarako, 14.000 produktu baino gehiago inskribatu ziren, eta 500 epailetik gorako talde batek itsu-itsuan dastatu zituen. Horietatik 5.383 produktuk jaso zuten saria, 110 herrialdetakoak.

Partekatu
Facebook
Twitter
LinkedIn
Email
WhatsApp